XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Maitasunaz

Hauteskundeetan hainbesteko gorrotoz mintzatu zaizkigun honetan, udaberria lore zaparradaz buru gainera lehertu zaigun honetan, zertaz idatzi daiteke, maitasunaz ez bada.

Beti pentsatu izan dut maitasuna nere gorputzaren mugak bukatzen diren lekuan hasten dela, maitasuna zabaltze bat dela, irekitze bat besteengana, intelektualki eta fisikoki.

Zentzu tradizionalean, maitasunak ez du irekitasun handirik erakusten.

Intelektualki, maitasuna kontserbatu beharrak ez zuen bestearekiko amoldatu eta konformatu beharraz gaindiko aberastasunik; fisikoki, ezagutu ezean entzun dudanez maitasuna arrazaren superbibentzia segurtatzeko bide bat besterik ez zen, eta betebehar garrantzitsu horretan, badirudi, gozamena sentitzea, maitasunarentzat, pekatuzko soinekoa jaztea bezala zela.

Ni neure baitan asko bizi izandako piztia naiz, bakardade ordu luzeetan, irakurtzen, paisaiari begira, pentsatzen.

Beti izan naiz kontziente nere maila intelektualaz, nere gorputzaren formez, izan nahi nuenaren eta benetan nintzenaren artean zegoen diferentzia nabarmenaz.

Maitasunak bakarrik lagundu dit neure mugetatik haruntzago joaten.

Gustura entzun ditut maite nituen irakasle, lagun eta zaharren teoriak, kontuak, aholkuak.

Orain badakit, momentuko haserre eta negarrei far eginaz, nere muga intelektualen hausdura eskolara joaten hasi nintzenean gertatu zela; herri txiki bateko biztanle koitadua, garai haietan imajina ez nezakeen munduetara zabaldu da ene pentsakera eta ulermena maitasunak eragindako interes intelektualaren eraginez.